Brillibrillizko bilgarria, Baionatik ekarria

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lasa Arteaga 2024ko api. 13a, 07:58
Iragan martxoaren 24an Korrika festaren amaiera, Baionan. AEK

Gauza batzuen dirdira adierazteko erabiltzen den lagunarteko hitza omen «brillibrilli». Niri irribarrea sortzen didan esamoldea da. Goxoa, gertukoa, grazioso edo xelebrea dirudit.

Urre bainua daraman eta dotore agertzen den letoizko materiala ere badatorkit gogora.

Iragan berri den martxoan ekitaldi jendetsu batzuk izan ditugu eta tartean bi, Emakumeen Nazioarteko Eguna eta Korrika ospatu, gozatu, barneratu ditugu.

 

«Urte osoan feminismoaren eta euskararen egoera kezka iturri izan badaiteke ere, egun batzuetan ezinegon hori asmakeria gisa bizitzen dugu festa eta jendartean murgilduta»



Urte osoan feminismoaren eta euskararen egoera kezka iturri izan badaiteke ere, egun batzuetan ezinegon hori asmakeria gisa bizitzen dugu festa eta jendartean murgilduta. Sona handia hartzen dute, entzutetsu bihurtu, ikusgai komunikabideetako lerroburu eta izenburuetan. Dirdiratsu agertzen dira.

Haserako sufragisten garaira atzera egin gabe, gutako batzuk jaioak ginen garaian emakumeen zenbait eskubideen aldeko borroka egiteagatik gogotik ordaindu zutenek (Basauriko hamaikak, esaterako), ziurrenik, agian onartuko dute egungo egoeraren aldaketa, hoberantz.

Gutako batzuk jaioak ginen garaian ere, euskararen alde Euskal Herri osoa zeharkatuz lehen Korrikari hasera eman zioten euskaltzale haiek ere ziurrenik, agian onartuko dute egoeraren aldaketa, hoberantz.

Eta honela izango da. Ziurrenik, agian. Ez da hainbeste denbora pasa eta nahiko bide luzea egina dago.

Euskarari dagokionean, ezagutza maila igo egin delako. Hala diote egiten diren ikerketa eta neurketa ezberdinek. Dir-dir. Erabileran ordea, azken urteotan, orokorrean berdintsu doa joera, lan esparruan zeregin handia dago, eta abar luze bat. Ezagutza bai, erabilera han nonbait. «Hizkuntza bat ez da galtzen»… Gogoan daukagu?

Berdintasun arloari dagokionean, legedi eta eremu formalean eman den aurrerapausoa ukaezina da. Dir-dir. Hala ere, errealitatearen datu ezberdinek maiz ilundu egiten dute argitasuna; esaterako, erailketa kopuru lazgarriez gain, indarkeria matxista, soldata arrakala, kristalezko sabaia, zaintzaren merkantilizazioa, eta abar luze bat.

Beraz, ez gaitzala dirdirak engaina, brillibrillia polita gerta baitaiteke baina hori lortze aldera, distira ateratzeko eguneroko lana ezinbestekoa baita; alegia, barre eginez, umore onez, baina tinko eta sendo jarraitu behar dugu, irribarretsu baina arduratsu, sua egin eta mantentzen. Tipi-tapa elkarrekin eta denboraz egiten dira, omen, bide luzeak; kolektiboa, taldea da bermerik onena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!