ELKARRIZKETA

«Eszenatoki gainean jartzen ditugu bizi ditugun arazoak eta auziak»

Aitor Arroyo Askarai 2024ko api. 29a, 07:58

Beatriz Egizabal eta Anduriña Zurutuza aktoreak. A.A.A.

Datorren ostiralean aurre estreinatuko dute Jo! ikuskizuna Altzoko Batzarremuño kultur-gunean Beatriz Egizabalek eta Anduriña Zurutuzak.

Jo! ikuskizuna aurre estreinatuko dute Altzon, maiatzaren 3an, Beatriz Egizabalek eta Anduriña Zurutuzak. Txefo Rodriguezen zuzendaritzapean «euren bizitzetako dramak» landuko dituzte, eta zein eragin duten horiek bi emakumeren arteko laguntasunean. Gaien artean: amatasuna, elikadura, irudia zaintzeko «betebeharra», familia kudeatzea... Eta hori guztia gimnasio bat irudikatzen duen oholtza gainean. Biek ala biek nabarmendu dute «aspalditik» zutela elkarrekin lan egiteko gogoa, eta elkarren erantzunak osatuz aletu dituzte ikuskizunari buruzko xehetasunak.

Zein da ikuskizunaren abiapuntua?

Beatriz Egizabal: : Ikuskizunaren abiapuntua da Anduriñak eta biok elkarrekin zerbait egin behar genuela.

Anduriña Zurutuza: Beti esaten genuen zerbait egin nahi genuela elkarrekin. Urte hauetan egin ditugu gauza puntualak, baina buruan beti genuen elkarrekin ikuskizun bat egitea.

Egizabal: Clownetik gatoz, eta umorea hartu nahi genuen hari gisa, baina sudur gorririk erabili gabe. Piezak badu kutsu pertsonal bat, baina ez da inondik inora autobiografikoa. Galdera gakoa honakoa da: zer gertatzen da emakumeen arteko laguntasunarekin? Gaztetan ez dago ia besterik, baina urteak aurrera doazen heinean, askotan, elkarrengandik aldentzen gara denbora beste gauza batzuetan joaten zaigulako. Hori da gai nagusia; eta tartean umore eta jolas asko egiten ditugu.

 

Beatriz Egizabal: «Piezak badu kutsu pertsonal bat, baina ez da inondik inora autobiografikoa»



Zurutuza: Ikuskizunean kirola egin bitartean hitz egiten ditugu kontuak. Gure errealitateko gauzak hartu eta horrekin jolastu dugu. Helburua da emakumeek barre egitea egunerokotasunean gertatzen zaizkigun gauzekin: izan amatasuna, elikadura, irudi paregabea mantentzea, familiaren kudeaketa...

 

Anduriña Zurutuza: «Helburua da emakumeek barre egitea gertatzen zaigunarekin»



Egizabal: Hortik dator kartela ere. Gimnasio batean gertatzen da dena.

Hortik dator obraren izena ere, ezta?

Egizabal: Izena jartzearena mundu bat da.

Zurutuza: Lauzpabost aldiz aldatu dugu hau erabakitzerako [barrez].

Egizabal: Eta kostata erabaki ere [barrez]. 'Jo' hitzaren adiera ezberdinekin jolastu nahi genuen; eta hori jarri dugu ostia ez jartzeagatik [barrez, oraindik]. Izan zitekeen hori ere.

Zurutuza: Hori jartzea gehiegitxo iruditu zaigu.

Egizabal: Hainbat sentipen adierazi nahi ditugu eta horietako bat da amorrua.

Zurutuza: Hitzak ere askorako ematen du. Balio du kexatzeko, protesta egiteko, nekea adierazteko, baina baita haserrea adierazteko ere.



Nori zuzenduta sortu duzue antzezlana?

Egizabal: Guretzat egin dugu. Badakit geurekoi samarra irudituko zaiola jendeari, baina hein batean egia da. Elkarrekin lan egiteko nahi horretatik sortu da eta helburu nagusia guk ondo pasatzea da. Hortik aurrera, ez dugu ikaragarrizko hausnarketa egin antzezlana nori bideratu erabakitzeko, baina gure bizitzetako istorioak kontatuko ditugunez, errazagoa izango da emakumeak identifikatuta sentitzea.

Zurutuza: Dena dela, ez dago emakumeei bakarrik zuzenduta. Gizonek ere ikusi ahal izango dute; eta ondo pasa.

Egizabal: Guretzat garrantzitsuena da zer kontatu nahi dugun. Edukiari garrantzi handia ematen diot, eta nire bakarrizketetan ikus daiteke hori. Anduriña, berriz, beste leku batetik dator.

Zurutuza: Nik ere landu dut clowna, baina oso fisikoa naiz; hitzik gabeko antzerkia landu dut askoz gehiago. Hor testuak badu garrantzia, baina ez da gauza bera. Hausnarketak Beatrizek hitzez plazaratzen ditu; eta nik adierazpen fisikoaren eta jolasen bidez. Hala ere, nabarmendu behar dugu ez dagoela haurrei zuzenduta [barrez]; helduentzat egin dugu.

Egizabal: Edukiak badu feminismotik, baina ez da behartuta hartutako erabaki bat. Bioi ateratzen zaigu, berez. Honekin ez dut esan nahi gugan feminismoa berezkoa denik; ez da feminismoa ateratzen zaidala poroetatik. Gehiago da nik —edo guk— edozein gauza aztertzerakoan edo iritzi bat ematerakoan, beti egongo dela presente ikuspegi feminista —landuta daukagulako—.

Zurutuza: Egia da garrantzia eman nahi geniela aukeratu ditugun gaiei. Hausnarketa bat dago aurkeztuko dugun eszena bakoitzean; eta argi daukagu zer esan nahi dugun.

Egizabal: Gu geu ikusten gara islatuta antzezten ditugun egoeretan; pasa gara momentu horietatik.

Esan liteke, beraz, ez dela ohiko antzezlan bat?

Egizabal: Ez da betiko istorio bat, non topa ditzakegun sarrera bat, korapilo bat... Ez da betiko narratiba, baina badago kontakizun bat.

Zurutuza: Hausnartu dugu non hasi nahi dugun eta non bukatu. Badago arku moduko kontakizun bat. Ez dira esketx solteak, ondo pentsatuta dago zein bidetik eramango dugun ikuslea.

Egizabal: Egia da esketxetako batzuk bakarrik ere funtzionatuko luketela, baina ez da helburua.

Zurutuza: Hori da, ikuskizuna osorik aztertuta nabaritu daiteke arku hori.

Zein rol du bakoitzak?

Egizabal: Aurretik ezagutzen dugu elkar, eta lan dezente egin dugu elkarrekin. Oholtza gainean naturalki ateratzen zaizkigu rol ezberdinak. Nireak behar baino gehiago hitz egiten du.



Zurutuza: Eta nireak, batik bat, mugimendu fisikoekin lantzen du adierazpena. Ez dago erabateko banaketarik.

Egizabal: Baina bakoitzaren indarguneak zein diren ikusita, ez gara horren kontra joan. Gehiago izan da hori aprobetxatzea.

Nondik dator gai horiek lantzeko interesa?

Egizabal: Bizitza horretan doakigulako [barrez]. Hori ere ez da behartua izan. Eszenatoki gainean jartzen ditugu bizi ditugun arazoak eta auziak. Umoretik kontatzen ditugu, baina gure bizitzetako dramak dira. Umoretik lantzen ditugu, aukera ematen digulako zenbait gauza egiteko, zeinak seriotasunetik eginez gero —publikotik, batez ere— ez diren onartuko. Zenbat eta gehiago landu umoretik, orduan eta errazagoa da kudeatzea, baina, izatez, dramak dira.

Zurutuza: Zerrenda moduko bat egin genuen hasieran erabakitzeko zein gai aukeratu. Bazeuden batzuk, zeinak oso argi genuen landu nahi genituela. Gaiei drama izaera hori aitortu diegu, eta izatez, jendartean lantzeko ez dira gai errazak: amatasuna, hezkuntza, elikadura...

Egizabal: Gure erabakia da horiez barre egitea. Gugan eta inguruan ikusten ditugu drama horiek, eta horregatik landu nahi genuen zein eragin duten bi emakumeren arteko laguntasunean.

Zer nabarmenduko zenukete zuen arteko lankidetzatik?

Biek batera: Konplizitatea.

Zurutuza: Konplizitate handia daukagu, eta oso erraza da elkarrekin lan egitea. Dena ia prestatu beharrik gabe ateratzen zaigu.

Egizabal: Oihulari Klownen ikastaroetan ezagutu genuen elkar, eta ez genituen orain drama bezala kontatu nahi ditugun ardura guztiak. Esperientzia hura izan zen udalekuetan egotea bezala, baina urtebetez. Unibertsitateko lagunak izango bagina bezala zen.

Zurutuza: Gainera, umorea egiteko oso garrantzitsua da beste pertsona ondo ezagutzea eta ulertzea.

Egizabal: Gure artean horregatik da hain erraza. Harremanak izan ditu gorabeherak, baina ez da inoiz hautsi. Elkartzen garen aldiro mantentzen da harreman bizi hori, eta oholtza gainean nabaritzen da.

Datorren ostiralean estreinatuko duzue. Nola sentitzen zarete?

Zurutuza: Ni oso pozik, gogotsu eta oholtzara igotzeko ilusio handiarekin.

Egizabal: Altzo oso plaza berezia da. Jendeari edo artistei askotan galdetzen diete ea zein duten leku gustukoena eta askok aipatzen dituzte izen handiko lekuak. Niretzat: Altzo. Estreinaldiak edo aurre-estreinaldiak egin izan ditut bertan. Maite ditut eta maite nautela sentitzen dut, beraz, leku babestu batera joatea da. Ilusio berezia egiten dit Anduriña eta biok arituko garelako, eta denbora luzez prestatu dugun proiektu bat delako. Erronka txiki bat ere bada, konfort gunetik aterako garelako biok. Egia esan, ilusio handiz.

Zer eskatuko zeniokete ikustera doanari?

Egizabal: Ondo pasatzea; hori da niretzat helburu nagusiena eta garrantzitsuena. Hortik aurrera jendea hunkitzen bada, primeran. Eta bigarren helburua izan daiteke antzezlanetik hausnartuz ateratzea.

Zurutuza: Guretzat hori arrakasta izango litzateke. Jendea ondo pasatzera etor dadila. Hori da guk nahi duguna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!