Hassan Ait Chaou eta Irati Larrañaga izan dira azkarrenak Loatzoko Igoeran

Leyre Carrasco 2024ko api. 28a, 13:43

67 korrikalarik parte hartu dute gaur jokatu den Loatzoko Igoera-Jaitsieraren 30. edizioan. Helmuga zeharkatzen lehenak izan dira Soronea-Ammma taldeko billabonatarra eta usurbildarra.

Ilusioz ospatu dute Amasako Loatzo Igoera-Jaitsiera proba goizean. Amasako gazteek eta Uxo Toki elkarteak antolatu ohi dute lasterketa, eta XXX. edizioa dute aurtengoan. Korrikalariak 10:30etan abiatu dira Amasatik, eta 9,73 kilometro egin behar izan dituzte Loatzo mendiko tontorreraino. Guztira, 67 korrikalarik parte hartu dute; horietatik bost neska eta bederatzi amasar izan dira. Azkenean, Soronea-Ammma taldeko kide diren Hassan Ait Chaou billabonatarra eta Irati Larrañaga usurbildarra izan dira azkarrenak helmuga zeharkatzen.

Billabonatarrak 44 minutu eta 55 segundo behar izan ditu Loatzo igo eta jaisteko. Alde handia atera dio bigarren izan den Eneko Garineri, 45 minutu eta 49 segundoko denborarekin igaro baitu berak helmuga. Hirugarren postuan sailkatu da Aitor Etxeberria, 46 minutu eta 20 segundoko denborarekin.

Larrañagak jantzi du emakumezkoen sailkapenean txapela, eta berak 54 minutu eta 55 segundo behar izan ditu lasterketa amaitzeko. Honek Leire Elola izan du atzetik, eta 56 minutu eta lau segundoko denborarekin zeharkatu du helmuga bigarren postuan sailkatuz. Hirugarren Lierni Kamio sailkatu da, 01:02:10ko denborarekin.

Aimar Iraola antolatzaileak adierazi duenez, "herritarrak elkartzeko aitzakia izan ohi da proba, eta tradizio honekin urte luzez jarraitzeko asmoa dugu". Proba amaieran guztiek hamaiketakoa egin dute Uxo Toki elkartean.

SAILKAPENA

Gizonezkoak

  1. Hassan Ait Chaou, 00:44:55
  2. Eneko Garin, 00:45:49
  3. Aitor Etxeberria, 00:46:20

Emakumezkoak

  1. Irati Larrañaga, 00:54:55
  2. Leire Elola, 00:56:04
  3. Lierni Kamio, 01:02:10

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!