Apirileko kultur agenda antolatu dute Elduainen, eta herriko festak antolatzeko bilerarekin zabalduko dute ostegunean, 20:00etan, udaletxean. Datozen asteetan xaboia egiten ikasteko ikastaroei emango diote hasiera. Larunbatean izango da lehena, 16:00etatik 18:00etara, Urdelar biltokian. Tailerra 6 eta 14 urte bitarteko haurrei zuzendua dago eta xaboia glizerinarekin egiten ikasiko dute. Amaitzean, parte hartzaileek xaboia etxera eraman ahalko dute. Izen ematea udaletxean egin beharko da asteazkena baino lehen.
Bigarren ikastaroa, berriz, apirilaren 20an izango da, 16:00etatik 18:00etara, Urdelar biltokian. Tailerra 14 urtetik gorakoentzako izango da eta Izpiliku kosmetika naturaleko artisauek etxeko olio birziklatuarekin xaboia egiten erakutsiko dute. Izen ematea udaletxean egin beharko da apirilak 18a baino lehen eta 5 euroko kostua izango du.
Amaitzeko, maiatzaren 8an, Jon Artano kazetari eta idazle zestoarrak argitaratu berri duen Juana liburua aurkeztuko du, 18:00etan. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Tene Mujika Bekari esker argitaratu du zestoarrak lana, eta Juana Perea Plata hispano-kolonbiar hiritartasun bikoitza zuen aktibista, ekintzailea eta enpresariaren istorioa du ardatz.