Arkaitz Gabirondok (Gaztelu, 2004) laster beteko du bere «ametsa». Martxoaren 24an Tolosako Beotibarren debutatuko du Aspe enpresarekin, profesional bihurtuz. «Deskribaezina da debutagatik sentitzen dudan ilusioa eta poza», aitortu du Gabirondok. Javier Zabala izango du lankide bataio profesionalean, eta Aitor Elordi eta Xabier Tolosa izango ditu aurkari. «Partida zorrotza programatu didate. Zabala boladan dagoen pilotaria da, eta aurrean buruz buruko txapelduna eta Tolosa izango ditut, harekin behin baino gehiagotan entrenatu baitut», azaldu du gazteluarrak.
Gabirondo Aspe enpresarekin aurrekontratua duen pilotari taldeko atzelarietako bat da, eta bere ibilbidea Tolosa Aurrera klubean egin du. 2022ko abuztutik Jokin Etxanizen esanetara aritu da entrenatzen. Debutatzeko 20 egun falta direnean, Gazteluko atzelariak oso argi dauka zein izango diren bere etorkizuneko erronkak: «Irudi ona eskaini eta ahal dudan guztian hobetu besterik ez dut nahi».
Arkaitz Gabirondok apirilaren 15ean beteko ditu 20 urte. 1,90 metro neurtzen du eta 84 kilo pisatzen du. 2024ean Lezama Torneoko txapelduna, 2023an Bergara Torneoko txapelduna eta 2022an Laudio Torneoko txapelduna izan da.