Tolosako Beotibar pilotalekuan egin du debuta Arkaitz Gabirondo atzelariak Aspe pilota enpresarekin. Jende ugari zegoen frontoian, eta errebotean bere lagun eta zaleak elkartu dira gazteluarrari babes osoa adierazteko. Giro aparta izan da partida guztian zehar, Gabirondo uneoro animatu baitute, bere pilotakadak txalotuz eta bere aldeko kantuak abestuz. Bertan, gainera, "Irabazi edo galdu, hi beti gure eredu!", "Gabirondo pilotan beti ondo" edota "Segi gozatzen ta gozatuarazten" bezalako mezuak irakurri zitezkeen errebotea atontzen zuten pankarta erraldoietan.
Gabirondok urdinez jokatu du eta Javier Zabala izan du aurrelari. Aurkari, berriz, Unai Elordi eta Xabier Tolosa izan dira. Urduri hasi du debutariak partida, eta lehen pilotakadei ezin izan die erantzun egokia eman. Zabalak ere ez du nahi bezala asmatu jokoan eta hainbat huts egin ditu. Tarteka pilotakada ederrak jo dituen arren, gaur ez da gazteluarraren eguna izan, eta azkenean 22-15 galdu dute urdinek.
Partida beldurrarekin hasi duela adierazi du pilotari gazteluarrak partidaren amaieran: «Hasieran beldurtu egin naiz, markagailuan oso azpitik hasi baikara, baina gero tanto batzuk egin ditugu eta gustura». Aurrean aurkari zailak izan dituztela gehitu du, «maila txukunean aritu dira eta guri lanak jarri dizkigute». Partida galdu arren, emaitzarekin gustura agertu da debutaria.