Tolomendi Landa Garapen elkarteak, beste hainbat erakunderekin batera enkarguz ekoiztu zuten Auzolangintza izeneko Iker Iriarte alegiarraren eta Pablo Dendaluze tolosarraren lana. Hain zuzen, 2021ean jarri zuten proiektua martxan, eta bi urteko lanketaren ondoren, dokumental bat eta Agurtzane Belaunzaran berrobitarrak osatutako gida praktiko bat argitaratu zituzten. Bihar, 18:30ean, Ibarrako kultur etxean proiektatuko dute dokumentala.
Horren bidez, auzolanak historian zehar izan duen eta gaur egun duen garrantzia balioan jarri nahi izan dute. Dokumentalean auzolan eredu ezberdinak jaso dituzte, bai Euskal Herrikoak, baita kanpokoak ere, Avila edo Maroko kasu, eta XXI. mendeko auzolan ereduaren inguruan hausnarketa bultzatzen du 45 minutuko ikus-entzunezko honek.