Santa Ageda bezpera «kontzientziak astintzeko eta tradizio bat berrikusteko» baliatu nahi dute Kantagora kantu taldeko kideek. Izan ere, uste dute «Ageda bezperaren jatorria, izatez, aldareetara igotako indarkeria matxistaren eta zapalkuntzaren historia» dela.
Kantagorako kideek Santa Ageda bezperaren esanahia berreskuratu nahi dute, hau da,«kristautasunaren aurretik Euskal Herrian ospatzen ziren erritu eta jai paganoak», alegia. «Neguaren erdialdean, otsailean, jendea kantatzera irteten zeneko ohitura berreskuratu nahi dugu, herritarrak makilekin lurra erritmikoki joaz Ama Lurra esnatzeko kalera ateratzeko ohitura».
Gehitu dute euren abestien bidez Agedaren tortura salatzen dutela. «Haren oroimenez abesten dugu eta gure makilekin sinbolikoki kontzientziak astintzen ditugu. Beragatik, gugatik eta isilarazitako emakume guztiengatik abesten dugu eta ironiaz eta lotsagabekeriaz egiten dugu, geure hitzekin, gure askatasuna eta bizitza nahiak airera botaz».
Igandean, hilak 4, aterako dira kalera beraz. 19:00etan elkartuko dira Emakumeen Plazan eta Tolosako kaleetan egingo dute kalejira.