Buruz Buruko Txapelketa final-laurdenetan sartu da. Lau pilotariren izenak falta ziren ligaxka osatzeko. Asteburuan jokatu dira kanporaketa horiek, eta Iñaki Artolak final-laurdenetako txartela eskuratu du. Pilotari alegiarrak Jon Ander Peña tolosarraren aurka jokatu du arratsaldean, Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Emozio handiko partida izan da. Pilotari alegiarrak sakearekin ongi asmatu du eta errematean ere fin ibili da. Peñak, berriz, huts egite handiak egin ditu, baina 21-11ko emaitzan partida amaitzear zegoela ematen zuela, tolosarrak bost tanto jarraian egin ditu. Hala ere, ez dira nahiko izan Artola menpean hartzeko eta azkenean, 22-16 irabazi du alegiarrak.
Jaka kanpo
Bestetik, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan aritu dira lehian Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta. Gaur ez da pilotari lizartzarran eguna izan, Zabaleta 7-0 aurreratu baita denbora gutxian. Une batean, Jakak aurre hartu badio ere (7-9), azkenean pilotari nafarrak eskuratu du final-laurdenetako txartela, 22-15eko emaitzarekin.
Buruz Burukoa ostiralean itzuliko da, Aitor Elordi iazko buruz buruko txapeldunaren estreinaldiarekin. Larunbatean, Zabaleta eta Dario izango dira aurkariak Labriten, eta igandean, berriz, Joseba Ezkurdia eta Iñaki Artola ariko dira lehian Astelena pilotalekuan. Apirilaren 21ean, Unai Laso eta Jokin Altunaren txanda izango da.