Jantziak eta argazkiak, bidearen isla

Aitor Arroyo Askarai 2024ko mai. 1a, 11:58

Erakusketa larunbatera bitarte egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara; argazkiak, jantziak eta argazki-bideo bat jarri dituzte dantza taldearen ibilbidea irudikatzeko.

Sutarri dantza taldearen 25 urteko ibilbidea jaso dute jantzien eta argazkien erakusketan. Alegiako udaletxeko ganbaran jarri dute esposizioa, eta ikusgai egongo da larunbatera bitarte, 18:00etatik 20:00etara.

Arantxa Segurola kideak azaldu du jantziak dantza taldeak urtez urte «erabili eta osatu» dituenak direla: «Aurrekontu handirik ez daukagunez, askotan, traje berdinak izaten dira, baina ukitu ezberdinak emanda: gerriko berri bat, pañelu ezberdin bat, kamiseta bat... ». Hark kontatu duenez, horregatik ez daude «traje asko», berritu eta berrerabili egiten dituztelako.

Biltzeko gorabeherak
Jantziak lortzeko ez dutela arazorik izan aipatu du Marta Iraola dantza taldeko kideak. Armairu batean gordetzen omen dituzte jantzi guztiak, eta «txukun-txukun» zaintzen dituzte: «Erabili egiten ditugu, baina taldekideek ondo zaintzen dituzte eta bere garaian itzultzen dituzte».

Ez da horrela izan, ordea, argazkiekin. Antolatzaileek esan dutenez arazoak izan dituzte dantza taldea sortu zen garaiko irudiak lortzeko: «Argazki zaharrak biltzea izan da pixka bat zailena». Kontatu dutenaren arabera, urte hauetan zehar ez da inor «espresuki» arduratu argazkiak ateratzeaz eta biltzeaz. Dena dela, hori ez da traba izan eta «gutxi-asko» lortu dute dantza taldearen ibilbidea osatzea.

Inplikatzearen garrantzia
Jarduera horien helburuetako bat dantza taldearen «atzean dagoen lana» ikusaraztea dela ere aipatu dute antolatzaileek: «Ederra da horrelako gauzak antolatzea, baina lan handia eskatzen dute. Jendea inplikatzea beharrezkoa da, eta horretaz jabetu behar gara». Bide beretik, gogobeteta hitz egin dute emaitzaren inguruan eta larunbata «egun polita» izango delakoan daude.

Bestalde, urteurrena baliatu dute gogora ekartzeko Sutarri sortu zen garaian laguntza jaso zutela Udaberri dantza taldearen eskutik eta, gerora, Oinkari taldekoek ere lagundu zietela. Talde horietako kideak irakasle izan zituztela kontatu dute eta eskerrak eman dizkiete. Gaur egun, berriz, Sutarrikoak omen dira dantza taldeko irakasleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!