ELKARRIZKETA

«Denok dantzatzeko gai gara, norberak bere buruari baimena ematen dion bitartean»

Nora Urbizu Arozena / Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 5a, 07:59

Ioritz Gaarraga Capdequi dantzaria. I.G.L.

Baionan bizi bada ere, oso lotuta jarraitzen du Amasarekin; Oinkarirekin hasi zuen bere bidea dantzari bezala, eta hainbat taldetan aritu da; dantzaz gain, egunerokotasunean yoga praktikatzen du, eta biak beharrezko dituela dio.

Bere izenaren ondoan dantzaria dela jarri arren, ez da erraza Ioritz Galarraga Capdequi (Amasa, 1991) definitzea. Hori bai, gauza bat garbi dago: amasarra da. Egun dantzaria da ogibidez, Baionako Bilaka kolektiboan, eta dantza ardatz bezala hartuta egin diogu elkarrizketa.

Urte asko daramatzazu Amasatik kanpo, baina Amasarekiko zilborrestea eten gabe.

Txikitatik zerbait erakutsi baziguten, etxean behintzat aitak, amasarrak garela da, eta sekula ez dugu galdu herriarekiko lotura hori. Bai ohituretan, orokorrean festa inguru horretan, baina bestela ere bai: asko jotzen dugu gurasoengana eta familiarengana.

Parte hartzailea zara Amasan.



Festetan, dudarik gabe. Beste ekintzetan posible denean bai, baina nire lanbidearekin askotan ezin izaten dut. Bestela ahal dudan guztietan gerturatzen naiz.

Zer duzue amasarrek Amasarekin? Herri nortasun sakona duzue.

Hau paradisua bezalakoa da. Nahi edo ez, pike txiki horrek egiten gaitu Amasakoago. Txikitatik entzuten duzu Amasa Villabona dela eta horrelakoak, baina nik sekula ez diot horri kasu handirik egin, oso ondo nekielako ni nongoa nintzen. Estimu handia diogu, eta oso bertakoak gara. Itxiak ez nuke esango, askotan Villabonara joan beharra dugulako gauzak egiteko, baina denok oso harro gaude gure herriaz eta hemengo giroaz.

 

«[Oilasko jokoa] Oso berezia da niretzat; oso gurea da, bertakoak ateratzen gara»



Amasako festetan, Oilasko jokoa izaten da ekitaldietako bat, eta bertan parte hartzen duzu.

Oso gutxitan huts egin dut, azterketak edo dantzarekin kanpoan izan naizelako. Urtebete lehenago lanean jai eskatzen dudan motiboetako bat izaten da; festa pasa ahala hurrengo urterako eskatzen dut. Beti esaten dut niretzako urtea hasi eta bukatu festekin egiten dela. Oso berezia da niretzat; oso gurea da, eta bertakoak ateratzen gara. Belaunaldi ezberdinak nahasten gara, baserriz baserri joate horrek ere egiten du harremana mantentzea baserrietakoekin. Kanpotik begiratuta ez da zerbait harrigarria izango, baina guk disfrutatu egiten dugu... Dantzari lotua dago, baserri bakoitzean dantza egiten baitugu. Asko gustatzen zait herrian ematen den belaunaldi eta jende nahasketa hori, giro sano eta alaian. Konturatu naiz trikitiak, tarteka entzuterakoan, zirrara sortzen didala egun horregatik.

 

«Gustatzen zait jendea zer egin ez dakiela geratzea. Batzuetan deseroso izatea ere lorpen bat da»



Gaur egun ez da oilaskorik plazan hiltzen.

Ez, egun ez da plazan egiten zen erritual hori dena. Debekatu egin zen, eta parte batean normala da, animalien eskubideen inguruan ematen ari den garapena dela eta. Herri mailan ez nuen ikusten ezer bortitza bezala, uste dut ohituta nengoelako hori ikustera, eta ondo egiten zenean iruditzen zitzaidalako ez zuela hainbeste sufritzen, edo ez nuen nahi ikusi sufrimendua, hori ere posible da. Gaur egun ez da egiten, eta beste ohiturekin segitzen dugu.

Ikasketaz ingeniaria zara, ogibidez dantzaria, yogan aditua, eta dultzaineroa denbora librean. Nor da Ioritz Galarraga?

Hori dena eta ezer ez. Zaila da esatea... Askotan jendeak bere burua lanbidearekin definitzen du. Nik ez nuen horrela definituko neure burua. Egia da nire biziaren parte handia dela. Ingeniaritza ikasketak egin nituenean, irakasle ikasketak egin nituen eta irakasle ere izan nintzen bi urtez, beti dantza paraleloan eraman nuen. Garai batean esan nuen 25 urterekin dantza utziko nuela, eta orduan egin nintzen profesional. Aukera sortu zenean dantza ogibide bihurtzeko, duda handirik ez nuen egin, eta hor ulertu nuen zer zen lanera nagikeriarik gabe joatea. Eta goizero nola eskertzen nuen, beroketa edo klase hori jasotzerakoan: berez nire denbora librean egiten nuen, gustura egiten nuelako, eta goiz guztiak horrela hastea plazer bat zen. Jendeak galdetzen zidan ea orduan lanik ez ote nuen egiten, eta esaten nien zortzi orduz soilik aritzen nintzela... Jende askori kostatu zaio hori ulertzea. Egia da etxekoen laguntza izan nuela dantza ogibide izateko pausoa emateko; orduan independizatuta nengoen, baina etxera bueltatu behar izan nuen, hasierako urteak beka batekin egin nituelako. Gero pixkana lortu dut diru sarrera duin bat izatea.

 

«Dantza ogibide bihurtu nuenean, hor ulertu nuen zer zen lanera joatea nagikeriarik gabe»



Dantzan 11 urterekin hasi zinen, Oinkarin.

Aurrez etxean egingo nuen dantza dezente, Nahikari arrebarekin. Hura ibiltzen zen dantzan, eta etortzen zen bakoitzean bigarren entsegu bat eginarazten nion nirekin. Gero hasi nintzen Oinkarin, eta egin nuen ikastaro bat Solano musika eskolan.

Zure familiaren genealogian oso barneratuta duzu dantza.

Etxean, aita Oinkarin ibili zen. Eta amaren aldetik, amona, lesakarra. Ahizpa gehienak dantzariak izan ziren, eta berak bizkia zuen, eta harekin ibiltzen zen sueltoan. Hark beti esaten zigun: «Oso ondo egiten duzue, baina nik hanka pixka bat gehiago altxatzen nuen» [barrez]. Badakigu garai hartan ez zela hankarik altxatzen, baina... Eta nire arrebak ere hor segitzen du, eta beti esan du berari esker ikasi dudala. Dantzatzeari utzi zion, baina irakasle bezala jarraitzen du.

Oinkari eta gero, zer taldetan aritu zara?

Tartean Alurr dantza taldean izan nintzen, Edu Muruamendiaraz egon zelako. Oinkarin sartu-atera batzuk egin nituen, lagunek utzi egiten zutelako. Edu Muruamendiarazekin kontaktua izatean, Nahikari arreba zuzenean Aukeran dantza taldearekin hasi zen, baina ni gazteegia nintzen. Eduk animatuta balleta ikastera joan nintzen Donostiara. Dantzaz taldean ere izan nintzen, Korrontzirekin emanaldietan Oinkariren bitartez, MugMus Laborategian ere aritu naiz, eta egun Bilaka kolektiboan, Baionan.

Zenbateraino dira garrantzitsuak Oinkari bezalako herriko dantza taldeak?

Oinkaritik jende asko profesional bihurtu da. Lortu du maila bat, exijentzia aldetik ere bai, eta uste dut jendea ere erakarri duela horrek. Azken batean, ikusteak maila indartsu bat ateratzen dela herriko dantza talde batetik, maila zeukan jendea kanpotik erakarri du. Gaur egun, profesional bat baino gehiago gaude Oinkarin ibilitakoak.

Zer zailtasun daude dantzari profesional izateko?


Ehuneko ehunean dantzari profesional izatea oso zaila da. Hasteko, ez daudelako konpainia permanenteak hemen. Lapurdin, Malandain taldean, soldata dute, eta enpresa normal bat bezala da. Bestela, gehienok, freelance izateko kondena dugu, eta horrek suposatzen du leku ezberdinetan lan egitea, konpainia ezberdinekin, agenda gestio ero batekin. Asko behartuak sentitzen dira klaseak ematera, edo aldi berean beste lan bat izatera. Nik zortea izan dut; egia da Dantzazen jardunaldi osoan geundela, beraz bi urtez egin nuen ikastaro intentsibo bat. Ni gainera tradizionaletik nator, eta Dantzazen sartu nintzen garaikide edo neoklasiko horretara; balletean aritua nintzen, baina hor ikusi nuen esponja bat izan behar nuela dena jasotzeko: ez juzgatu, ez kanpora begira ezta barrura begira ere, eta ahal den guztia ikasi. Hor ikusi nuen saiatu nahi nuela dantzatik bizitzen. Dantza irakasle ere izan nintzen; uste dut, eskaini zidatela dantza irakasle ez nintzela izango esan eta hurrengo egunean... Utzi beharko diot ez dudala zerbait egingo esateari [barreak].



Zenbateraino babesten da hemen kultura? Eta dantza?

Zaila da kontu hori. Dantza munduaren barruan asko egongo lirateke ez profesionalizatzearen alde: kulturaren parte dela, folklorearen parte, eta barrutik atera beharko litzatekeen gauza bat izan beharko lukeela eta ez diru truke egiten den zerbait. Askok ere kalte bezala ikusiko luketen moduan garaikidea. Artista bezala hemen ez daude; diru laguntzak daude, baina puntualak dira eta proiektuka eskatu behar dira. Baina hor sorkuntza lanari agian ez diozu behar duen hainbesteko pisu ematen, ekonomikoki ez duelako ematen nahi beste denbora eskaintzeko aukera. Konplikatua da. Iparraldean badaude diru laguntza batzuk gobernutik iristen direnak; bertan bizi behar da, gutxieneko emanaldi kopuru bat egin behar da, eta bertako konpainia batekin egin behar da faktura. Badago zerbait, baina borroka egiten dute laguntza horiek mantentzeko.

Zu orain Bilaka kolektiboan zaude.

Bai, dantzariz eta musikariz osatuta dagoen kolektiboa da. Dantza emanaldiak egiten dira eta beti musika zuzenean izaten du. Lau dantzariak permanenteak gara, eta proiektuaren arabera beste bat-edo gehitzen zaigu. Musika zuzenean izatea guretzat ikaragarria da. Dantzari lotuta, tradizio eta folklore horretan, beti dago musika, eta biak uztartzeak gerturatzen gaitu oinarri horretara, gu egokitzeko musikari eta musikariek guretzako jotzeko. Ez da berdina disko bat jarri eta dantzatzea, edo musikariak dantzaria entzuten jakitea, ikusmenaren bitartez bada ere.

Zergatik kolektibo abizena?

Kolektibo bat bezala planteatu da, denon artean ateratzen delako aurrera. Lan karga banatuago dago. Hasieran denok sartu ginen zuzendaritzan, eta gero joan da bakoitza bere bidea hartzen, eta lanen banaketa ematen da, bakoitzak balio duelako gehiago gauza batzuetarako beste batzuetarako baino. Dantzari izateaz gain, beste rol batzuk hartu behar ditugu, eta batzuk, adibidez, udaletxeetara joaten dira bilerak egitera. Gero, sortzerakoan dantzari denok gara sortzaileak. Autogestioa ematen da taldean; bulegoko langileak ditugu, eta horiek ere kolektiboaren parte dira, eta beti gaude komunikazio jarraituan denaz jabetzeko.



Entseguetan emozioen transmisioak izaten du lekurik?

Egonaldiak egiten ditugunean saio berri bat sortzerakoan, hor emozioak sartzen dira, dudarik gabe. Askotan eszena bat sortzerako garaian emoziotik jotzen dugu: badakigu zer emozio lortu nahi dugun, ez dakigu zer mugimenduren bitartez lortuko dugun, eta hor esperimentatzen dugu eta ateratzen dira mugimendu ezberdinak. Negar asko egindako jende asko ere badago sorkuntza garaian. Ni dezenteko barrerarekin joaten naiz hasieran, ezkutua jartzen dut, baina pixkana irekitzen gara eta asko biluzten gara; asko ematen dugu, jaso ere bai. Prozesua polita izaten da. Hor ez dago onik ez txarrik, baizik transmititu nahi dugun horretarako balio duen ala ez.

Txaloetan neurtu ohi da ikus-entzuleen plazera, eta malkoetan?

Gernika izena duen eta bertako bonbardaketari buruzkoa den sorkuntza bat dugu, eta hor jendea negarrez ikusten dugu. Gainera garai honetan ikusten ari garenarekin, albistegietan bonbardaketei buruz entzuten ari garenarekin, gu dantzatzen aritu garenean jendeak ere hori presente du. Azkenean txikizioa dago, garai batekoan zein gaur egungoan. Txaloei dagokionez, emanaldiaren amaierak ere erabakitzen du izango diren ala ez. Niri ere gustatzen zait jendea zer egin ez dakiela geratzea, bukatu den ala ez galdetzea bere buruari. Batzuetan deseroso izatea ere lorpen bat da.

Dantzan beti gorputzak erdigunean, baina, gorputz normatiboak...

Bai, ni asko haserretzen nauen gauza bat da. Ezagutzen dut jende gehiago norma horretan ez dena sartzen. Gorputz normatiboak izan daitezke egitura aldetik, izan daitezke ere genero aldetik. Egun, gero eta gehiago ikusten da denetatik, denok dantzatzeko gai garelako, norberak bere buruari baimena ematen dion bitartean. Hor heziketa falta zaio publikoari onartzeko; normalean bere burua ez duenez onartzen ez du bestea onartzen, ikusten duena ispilua baita. Ikusten dut gero eta gehiago dela norma horretatik ateratzen den jendea.



Apurtzailea zara tradizioari dagokionez?

Ezinbestean, erantzun behar nuen. Konturatzen naiz bizitzako alor askotan gertatzen zaidala kontrajarrera hori. Apurtzailea agian ez iniziatibaz, baizik halabeharrez; baina gustura eta horrekin guztiz bat eginez. Tradizioa puskatzen duzunean kanpotik egongo dira iritzi batzuk, eta horrek ekartzen duen guztia. Ni nirekiko lasai geratzen naiz, tradizionala pila bat maite dut, egingo dut, eta zor diogu mantentze hori eta aberasgarria dela jakitea nola zen oinarrian.

Yoga ikasketak eginak dituzu, irakasle moduan aritzeko ere. Zer antzekotasun du dantzak eta yogak?

Biak gorputzari lotuta daudela, baina oso ezberdin ikusten ditut; yoga praktika eta dantza. Hor ere kontuan izan behar da dantza egiten duzun disfrutatzeko edo lanerako. Niri yogak eman dit konexio bat sentitzen dudanarekin, buruarekiko edo alde arrazionalarekiko gauza pila bat askatzeko, eta barrura begiratzeko. Dantzan, beste batentzako sortzen baduzu, beti eman eta eman ari zara, eta gure barruarekiko koherente izatea oso zaila da beste batentzako lanean ari zarenean. Guk geure buruari eman behar diogu momentu batean, errespetu horretatik hasiz, gorputza zaintzeko ikuspuntu horretatik.

Nola bizi duzu yoga, eta nola dantza?

Yogak egonkortasun bat ematen dit egunerokoan, eta barruarekin konektatzeko momentu bat, egun osorako ondo uzten nauena. Yogari esker momentu asko hartu ditut niretzako, eta gauza asko argitu zaizkit kanpora begira nola jokatu, nola erantzun eta jendea nola tratatu erabakitzeko. Yoga egiterakoan jendeak esaten zuen perfektu egiten nuela, eta ez. Nik limite pila bat ditut barruan, kostatzen zaizkidanak, egotik hasita. Ni egoskortu naiteke hanka indar batean buru atzean jartzen, ez dakit zer postura egiteko, eta lortuko dut, baina hori ez da bidea, eta ezta helburua ere. Dantzak ematen dit askatasun bat, disfrutatze bat, zerbait desberdina, baina aurretik yogarekin kendu ditudalako aurreiritzi batzuk, landu ditudalako. Biak behar ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!