Pilota sustatzeko asmoz

Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 1a, 07:59

Intxurre elkarteko Olatz Irazustabarrena, Albiztur pilota eskolako Gorka Arandia eta Behar Zana elkarteko IƱaki Lizaso.

Guztira 302 pilotari ariko dira parte hartzen bihartik aurrera VIII. Ataria Pilota Topaketan, eskuz zein palaz; eskuzko modalitatean nesken maila bat antolatu dela izan da aurtengo berritasuna.

Abian jarriko da bihar VIII. Ataria Pilota Topaketa. Guztira 302 pilotari ariko dira parte hartzen, eskuz eta palaz, eskualdeko pilota topaketa honetan. Eskuz bost maila antolatu dira: benjamin A, benjamin B, alebinak, infantilak eta lehendabizikoz nesken benjamin eta alebin maila. Palaz bi maila izango dira: benjamin eta alebinak, batetik, eta infantilak, bestetik.

Eskualde ikuspegitik antolatutako egitasmoa izaki, hainbat herritako frontoietan jokatuko dituzte partidak pilotariek: Villabona, Alegia, Bidania, Berastegi, Tolosa, Amasa, Anoeta, Alkiza, Zizurkil, Albiztur, Abaltzisketa, Aduna eta Altzo. Maila guztietako finalak Baliarraingo frontoian jokatuko dira, ekainaren 29an.

Horrelako topaketa batek aurrera egiteko beharrezkoa da eskualdean pilotaren inguruan aritzen diren eragileen parte hartzea. Koordinazio orokorra Luis Galarragak ematen du, eta antolakuntzaren parte dira Aurrera Tolosa (Tolosa), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia, Altzo, Ikaztegieta eta Baliarrain), Kuku (Anoeta), Otsabio (Lizartza), Txulobi (Aduna), Zazpi Iturri (Amezketa) eta Ziotza (Zizurkil) pilota elkarteak, eta Albiztur, Alkiza, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz eta Larraulgo pilota eskolak.

Gaztetxoen artean pilota sustatzeko garrantzia duen egitasmoa dela azaldu dute antolakuntzaren parte diren pilota elkarte eta eskolako kideek. Behar Zana elkarteko Iñaki Lizasok azaldu duenez, «gure pilotariek eskolarteko pilota txapelketa izan dute orain arte, eta gure bailaran Aiztondo Pilota Topaketa bukatu berri dugu, eta horrek modu batera asetzen ditu, baina benjamin maila arte edo, eta alebinetan errendimenduan jokatzen ez duten horientzako, bada beste pizgarri bat ikasturtea amaitu bitarte pilota partidak jokatu ahal izateko. Tolosaldeko pilota sustatzeko beste ezinbesteko ekintza iruditzen zait».

PILOTARIAK, HASTEKO ZAIN

Pilotariek irrikaz espero dute topaketaren hasiera, Albizturko pilota eskolako Gorka Arandiak azaldu duenez: «Eskolarteko partidak bakarrik jokatzen dituztenak zain izaten dira noiz iritsiko». Intxurre elkarteko Olatz Irazustabarrenak gaineratu du dagoeneko topaketak «tradizioa eta izena» duela pilotarien artean, eta txikienak izaten direla batez ere topaketaren hasiera iristeko zain. «Parte hartzaile kopuruak erakusten du pilota osasuntsu dagoela Tolosaldean», zehaztu du Lizasok. Palaz jokatzeko pilotari gutxiagok ematen dute izena, eta alde horretatik Lizasok animatu ditu eskualdeko pilota elkarte eta eskolak modalitate hori eskaintzera.

Irazustabarrenak aurtengo berrikuntza nabarmendu du, hau da, neskek eskuz beraien artean jokatzeko aukera izango dutela, benjamin eta alebin mailak nahastuz. «Hasiera bat izan daiteke», esan du, «eta espero dugu hurrengo urteetan neska gehiago animatzea parte hartzera modu horretan». Neska gutxiagok eman izan dute izena eskuz jokatzeko, eta mutilekin parte hartu izan dute orain arte. Arandiak azaldu duenez, «aukera eskaini zaie eta bidezkoa da neskek nesken kontra jokatzea. Egun badaude eskualdean emakumezko pilotariak eskuz goi mailan dabiltzanak, eta erreferenteak direnak. Olatzek esan duen moduan, ea topaketan aurten jarri ahal izan den maila berri honek neska gehiago animatzen dituen parte hartzera».

Pilotariak partidak iristeko zain izaten dira, baina orduan ere urduritasunak agertzen dira. «Txikienak urduri jartzen dira batez ere partidako egunean», esan du Arandiak. «Azkenean horrelako topaketek ikasteko balio die pilotariei», gaineratu du Lizasok. «Garrantzitsua da beraiei azpimarratzea jolas bat dela eta ondo pasatzea dela helburua, eta gurasoei ere mezu hori zabaltzen diegu, bide batez bere seme-alabei esateko».

Irazustabarrenak ere nabarmendu du topaketak duen eskualdeko ikuspegia: «Partidak herri txiki askotan jokatzen dira, eta batzuetan ez da oso ohikoa izaten. Eskualdea ezagutzeko aukera ematen die pilotari gaztetxoei, batetik bestera mugitzen direlako. Aurten Baliarrainen izango dira finalak, eta horrelako herri txiki batentzat ere pizgarria da ekitaldi hori hartzea».

MAILAK ETA EGOITZAK

  • Eskuz, benjaminak A
    • Villabonan, Alegian, Bidanian eta Berastegin jokatuko dituzte partidak. 36 bikote eta zortzi hirukote ariko dira parte hartzen.
  • Eskuz, benjaminak B
    • Tolosan (Beotibar), Amasan eta Anoetan jokatuko dituzte partidak. 23 bikote eta zazpi hirukote ariko dira parte hartzen.
  • Eskuz, alebinak
    • Alkizan, Zizurkilen eta Albizturren jokatuko dituzte partidak. 30 bikote eta hiru hirukote ariko dira parte hartzen.
  • Eskuz, infantilak
    • Abaltzisketan jokatuko dituzte partidak. 13 bikote ariko dira parte hartzen.
  • Eskuz, neska benjamin eta alebinak
    • Adunan jokatuko dituzte partidak. Zortzi bikote ariko dira parte hartzen.
  • Palaz, benjaminak eta alebinak
    • Altzon jokatuko dituzte partidak. Sei bikote ariko dira parte hartzen.
  • Palaz, infantilak
    • Altzon jokatuko dituzte partidak. Sei bikote ariko dira parte hartzen.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!