AHTren lanek eraginda kaltetu den aldiriko tren zerbitzuaz galdetu du EH Bilduk Espainiako Senatuan

Abiadura Handiko Trenaren lanak direla eta, RENFEren tren zerbitzuan arazo ugari izan dira azken hilabeteetan. Egoera hori konpontzeko asmoarekin, EH Bilduren senatari Gorka Elejabarrietak, Olaia Duartek eta Mario Zubiagak hainbat galdera erregistratu dituzte.

AHTren hirugarren haria jartzeko lanen ondorioz, eta Loiolako tunelaren galiboa handitzeko, apirilaren 29tik aurrera, Aldi Baterako Bide Bakarra ezarri da Donostiako eta Hernaniko geltokien artean. Ibilbide hori Irun eta Errenteria arteko bide bakarrean dagoenari gehituta, zerbitzuaren kalitateak nabarmen okerrera egin du, eta ibilbidea egiteko behar den denborak gora egin du.

Arazo horiek medio, trenaren erabiltzaileek askoz denbora gehiago behar dute ibilbide bera egiteko, lanak hasi aurretik behar zutena baino. 2016an Irun-Brinkola ibilbidea egiteko ordu bat eta erdi behar baldin bazen, apirilaren 29ra arte ordu eta 45 minutu behar ziren, eta 29tik aurrera, berriz, bi ordu.

Beste ondorio bat Irun-Brinkola aldirietako zerbitzuaren maiztasuna da, AHTrako hirugarren haria ezartzeko lanak hasi aurreko zerbitzu normalaren erdira jaitsi baita. Heren bat murriztu da, aldiz, Irun eta Errenteria arteko bide bakarraren ondorioz jada murriztuta zeuden zerbitzuen maiztasuna. Azaldutako arazo horiei aurre egiteko, Gorka Elejabarrieta, Olaia Duarte eta Mario Zubiaga senatariek galdera hauek erregistratu dituzten Espainiako Senatuan:

  1. Zein egunetan berreskuratuko da gaur egun Irun-Errenteria eta Donostia-Hernani artean aldi baterako bide bakarrean dauden bi bideko zirkulazioa?

  2. Irun eta Errenteria arteko bide bakarraren kasuan, ez da autobusik ezarri Irun-Brinkola aldiriko trenbideak Hernani eta Donostia artean dituen ondorioak arintzeko. Zergatik ez da ezarri ordezko zerbitzu hori?

  3. Garraio ministerioak uste al du osaera bikoitzekin nahikoa izango dela Irun-Brinkola linearen erabiltzaileen mugikortasun beharrak bermatzeko?

  4. Zergatik ADIF ez da aurreikuspen handiagoz aritu ordutegi berriak zehazteko orduan, RENFEk zerbitzuak egokitu eta herritarrei informazio egokia eman ahal izateko?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!