Gozotasunak elkartu ditu goxokiak erosi ohi zituzten denda aurrean: Kandiren azken eguna da, denda ixtera doa. Beti ezagutu du mostradore atzean emakume bera, arreta eta pazientzia berarekin bakoitzaren gustuko litxarreriak buruz ikasita, honezkero.

«Horretarako baliatzen dira herriko denda eta ostatuak askotan orain, etxean ez daudenen paketeen itxarongela bezala. Beste baliorik ez balute bezala»

Gaur ez, gaur Atsedena kalea dioen honen aurrean dago eserita, ondo merezitako eskertza eta agurra jasoz. Hutsune bat utziko du, geratuko da, geratuko zaie herritarrei Iturriza zeukaten tokian.

Beirazko erakusleihoak asko mugatu direla otu zaio, tamainatik hasita. Ume zela sudurra koskaren gainetik luzatuz hatz-markaz bete izan zituen gustuko dendetakoak, eta orain hatz lodiarekin gorantz eragiten dio patrikan daraman erakusleiho beti irekiari. Asteburuetan zein goizaldera, bere hutsune aseezin hori behar ez dituen objektuz bete dezan eskaintza bereziz gainezka.

Duela gutxi jaso zuen mugikor horretan bertan beste denda baten itxieraren berri. Lagun batek kontatzen zion, beretzat Villabonako Basajaun liburu-denda ikasturte hasierako poz hori zela, lagunak berriz topatu eta testuliburuak eta estalki gardenak jasotzea Rosaren eskutik, denda estu hartan motxilekin jiratzean zerbait botatzeko beldurrez. Gerora, Aitziberren denda handiagoan ilusio bera sentitu izan duela, lagunekin ez doan arren oraindik hartzen duela liburu berri eta estalki gardenaren usain hori. Orain, itxierarekin triste, zerbait erostera pasa nahi luke, likidazioaren kontuarekin besteren ezinaz baliatzera doan putrearen konplexuagatik ez balitz. Errealitatea denean, azken liburu erosketa guztiak sarean egin dituela.

Berak ere aspaldi ez du Iturrizan enkargurik egin, non eta ezustean etxean premiazko zerbait falta eta larunbat edo igande goizean pasa ez den salbuespenezko erosketa egitera. Gaur, herritarrak bertan elkartuta, ezin dio gogoratzeari utzi ostiralero ilaran nola itxaroten zuten asteroko goxoki sorta eskuratzeko. Ostiral arratsaldeak izango dira beretzat beti atari hori. 

Pozik ari zaizkio denak kantuan: Kandi, Kandi, txikia baina handi. Beti iruditu zaio ederra izen hori, candy saltzaile batentzat. Gozo jo dute txalo denek, kantua amaitzean. Mugikorra joka hasi eta multzotik apartatu da: banatzailea da, paketea dakarkio eta etxean ote den galdezka. Denak han utzi eta badoa presaka ezkaratzera, azken erosketa eskuratzera. 

Horretarako baliatzen dira herriko denda eta ostatuak askotan orain, etxean ez daudenen paketeen itxarongela bezala. Beste baliorik ez balute bezala. Zerbitzurako prest egon baitira beti, Kandi bezala. Lagunak aipatutako testuliburuen usainaz akordatu da bat-batean; pentsatuz, gozokiek aspaldi ez dutela ostiral arratsaldetako zaporerik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!