Herriari egindako ekarpena aitortu dio Orexak Goienerri

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 3a, 14:13

II. Orexa Sariak banatu dituzte, eta Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak jaso du saria, «Orexako herri proiektuarekin bat egiteagatik».

Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibari eman diote saria II. Orexa Sarietan. Eneko Maioz alkate ohiak azaldu duenez, Orexa Bizirik herri proiektuarekin bat egiteagatik eta herrian energia komunitatea sortzeko eskainitako laguntzagatik eman diote saria. Maiozek esan duenez, Orexako proiektuarentzat «oso garrantzitsua» da Goiener. 2015ean hasi zen elkarren arteko harremana, eta 2018an ekin zioten bideari elkarrekin. Ordutik, «aitzindariak» direla energia alorrean adierazi du Maiozek.

Goienerreko ordezkariek eskerrak eman dizkiote Orexako Udalari saria emateagatik, eta Orexan beti «goxo» sentitu izan direla aitortu dute. Era berean, Orexa eurentzat «laborategi txiki» modukoa ere izan dela azaldu dute, energia alorrean ekimen berriak probatzeko aukera izan baitute. «Orexan energia komunitatea sortuz, energia herritarrentzat demokratizatzen asmatu duzue. Erronka handia dugu trantsizio energetikoan eta txikitasunetik asko egin daitekeela erakusten du Orexak», esan dute. Halaber, gogoratu dute, biztanle bakoitzeko 4,5 eguzki plaka dituztela herrian.

Bestalde, Gurutze Etxezabal Orexako alkateak eskerrak eman dizkio Goienerri herriari egindako ekarpenagatik. Orexak dituen ezaugarriekin jarraituz, Orexan biztanle bakoitzeko 17 ardi daudela aipatu du, eta 35 biztanleko kooperatiba bat dutela. Hala, Orexak Bizirik estrategiaren barruan, ildo nagusietako bat herri ekonomia sustatzea dela gogoratu du, eta adibide moduan herriko ostatua jarri du. Ildo beretik, Oihan Txiki kooperatibak herriari egiten dion ekarpena ere nabarmendu du.

Bestalde, ingurumenaren zaintza ere azpimarratu du, eta onartzear duten hirigintza proiektuan hori kontuan hartuko dutela aipatu du Etxezabalek. Hirigintzarekin lotuta, gazteak herrian bizitzeko aukera izatea dela udalaren helburu nagusietako bat adierazi du, eta euren esku dituzten baliabideak jarriko dituztela gaia etorkizun motzean jorratzeko. Gainera, aurrerantzean foru funtsetik herri txikiek ekarpen handiagoa izango dutenez, aukera gehiago izango dituztela gaiari heltzeko esan du.

Gurutze Etxezabalek Orexa Sarien ekitaldira gerturatu diren herritarrei esan die herriaren norabidea guztien artean erabakiko dutela; «eta ziur urrun iritsiko garela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!