Hasi dituzte jaiak Orexan

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 3a, 15:55

Eguerdian oilarra jaistearekin batera hasi dira Santa Krutz jaiak. Igandera bitarte hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute orexarrek.

Eguerdirako zegoen iragarrita oilarraren jaitsiera Orexan. Sumatzen zen egun berezia, ezohikoa zela. Asteguna izaki, ohi baino herritar gehiago zegoen plazaren inguruan. Batzuk prestaketetan ari ziren, herri bazkarirako jakiak prestatzen edota mahaiak eta aulkiak atontzen. Besteak, berriz, ostatuaren bueltan, jaien hasierako ekitaldiaren aurretik, zerbait hartzen. Hori bai, gehienek lepoan Orexako jaietako zapia zuten, eta guztiei nabari zitzaien festarako gogoa.

Bada, II. Orexa Sarien ekitaldia egin dute udaletxeko ganbaran, eta ondoren, herritar guztiak plaza aldera joaten hasi dira. Udaletxeko balkoitik hainbat suziri bota dituzte, eta pixkana oilarra elizako kanpandorretik balkoira gerturatzen joan da. Eta, behin oilarra balkoira iritsita, orduan bai, eman diete jaiei hasiera ofiziala.

Igandera bitarte, gazte zein helduentzat, egitarau polita izango dute herrian.

Maiatzak 3, ostirala

  • 20:00: Triki poteoa eta sardina jatea Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañagak alaituta.
  • 00:00: DJ Bull.

Maiatzak 4, larunbata

  • 16:30. Haurrentzako puzgarriak eta txokolate jatea.
  • 21:00. Herri afaria ganbaran.
  • 00:00. Gabezin taldearen kontzertua.
  • Ondoren, DJ Nikolas Ormaetxea eta goizaldera, gosaria.

Maiatzak 5, igandea

  • 12:00. Hamaiketakoa ostatuan, Mikel Artolak moztutako urdaiazpikoarekin.
  • 17:30. Bertso pilota. Pilotariak Urmenta-Esnaola Vs. Olasagasti-Urruzola izango dira, eta bertsolariak Amaia Agirre eta Unai Mendizabal.
  • 19:00. Sagardo dastatzea eta amaitzeko oilarraren igoera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!