Bertako haragien ekoizpenean sakontzeko aukera, maiatzaren 2tik 5era

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 25a, 20:00
Azokako antolatzaile, ekoizle, sukaldari eta parte-hartzaileak, gaurko aurkezpenean.

Lau egunez, askotariko haragi moten erakusleiho izango da Tolosa; inguruko ekoizleak eta haragien aniztasuna ezagutzeko aukera egongo da eta, estreinakoz, Euskal Herriko haragien eta ekoizleen azoka egingo dute.

Era guztietako haragiak erosteko aukera dago Tolosaldean, baita haragia era askotara kozinatuta jatekoa ere. Asko dira eskualdean ekoizten diren haragi motak, gero harategietan eros daitezkeenak edota erretegi eta jatetxeetan dastatu ahal direnak, besteak beste, behikiak, oilakiak, ardikiak, zaldikiak edo txerrikiak. Produktua kalitate handikoa izan ohi da; ekoizpena ere, beste horrenbestekoa.

Bada, eskualdeko eskaintza horren erakusleiho izaten da, urtero, maiatzeko lehen astean ospatzen den Bertako Haragien Azoka. Beste urte batez, haragiaren hiriburu izango da Tolosa. Maiatzaren 2tik 5era ospatuko da azoka berezia, Trianguloan, Zerkausian eta Zumarditxikian. Lau egunez, askotariko ekitaldiak izango dira hiru gune horietan, besteak beste, formazioak edo ikastaroak, dastaketak eta musika emanaldiak. 

Aitor Agirresarobe Merkataritza, Turismoa eta Azoketako zinegotziak adierazi duenez, aurreko edizioekin alderatuta, «ikuspegi aldaketa» ekarriko du azokak, «bertako haragien ekoizpenean sakonduko baitu» aurten. «Inguruko ekoizleak eta beren proiektuak ikusgarri egitea da helburu nagusia, baita horiek duten haragi aniztasuna balioan jarri eta kozinatzerakoan dauden aukerak ezagutzea ere».

Ekoizle, saltzaile, bezero eta elikadura katean parte hartzen duten elementu guztien arteko harremana indartzea izango da azokaren beste erronka bat. «Tolosaren nortasunaren parte izan da haragia, kate osoan, gainera, baserrietako lanetik hasi, eta erretegi eta jatetxeetako ohituretaraino, harakinek eraldaketan egiten duten lanaz ahaztu gabe. Bertako produktuaren balioa handitzea, inguruko ekoizleen eta harakinen lanari bultzada ematea eta gastronomia sustatzea nahi dugu; horregatik, sektorea laguntzen jaraituko dugu azokaren bitartez», azaldu du Agirresarobek.

Eskarian ere eragin nahi dute, haragiaren eskaintza osoa kontutan hartuta. «Ohiturak, askotan, haragi mota berdinak kontsumitzera bultzatzen bagaitu ere, herritarrei hainbeste kontsumitzen ez diren haragi-motak eta piezak ere gerturatu nahi dizkiegu», gaineratu du.

Sektoreaz hausnartzeko

Azokaren lehen eguna, solaserako eta hausnarketarako eguna izango da. Elkartu eta elkarbanatzen topaketa egingo dute kultur etxean, haragiaren sektoreko profesionalak elkartu, errealitateen inguruan eztabaidatu eta esperientziak partekatzeko. Bi hitzordu izango dira topaketa horren barruan. Batetik, Nerea Vianak, Sakanako Garapen Agentziako Elikadura teknikariak, Kalaska Kooperatiba aurkeztuko du. Bailarako abeltzainekin batera Sakanako hiltegia berritu eta haragia eraldatzeko zatitze-gune kolektiboa sortu zuten.

Ondoren, Haragiaren lurraldea: aukera eta erronkak mahai-inguruan parte hartuko du, sektoreko beste bi emakumerekin batera: Izaro Zubiria Lizartzako Ueta baserriko abeltzaina eta Helena Muñagorri Muñagorri harategiko harakina. Josebe Blanco artzaina eta Hausnarrean liburuaren idazlaea izango da solasaldiko moderatzailea. Zubiriak aurreratu du «mahai-inguru mamitsua eta interesgarria» izango dela. «Eragile bakoitzak bere eguneroko bizipenak eta erronkak azalduko ditu, eta azken aldian horren entzuna den haragi industrialaren ekoizpenaren inguruan ere ariko gara. Zalantzak argitzeko aukera ere egongo da».  

Ikusi, ikasi eta dastatu

Ostiralean izango du jarraipena formakuntzak, eta Tolosako Zerkausia ikasgela bihurtuko da. Haragiaren ekoizpenean zentratu ordez, ordea, zatikatzea eta gastronomia uztartuko ditu Haragi ezberdinen zatikatze eta kozinatzea ikastaro praktikoak. Miguel Cruzek, Alejandro Goya harategiko arduradunak, zenbait animaliaren haragi piezak nola zatikatu azalduko du.

Bien bitartean, alboan, zuzeneko sukaldaritza erakustaldia egingo dute Javi Riverok eta Gorka Rciok (Ama), Xabi Gorrotxategik (Casa Julian), Joxe Mari Barriolak (Barriola Harategia) eta Felix Belaunzaranek (Iriarte Jatetxea). Bakoitzak bere etxeko espezialitate bat prestatuko du. «Gaur egun, guztiok dakigu zer haragi mota nahi dugun, baina ez dakigu zein den bere jatorria eta zer egin berarekin», adierazi du Cruzek.

Osteguneko topaketa eta ostiraleko ikastaroa doakoak dira, baina bertaratzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea Tolosakoazoka.eus/haragienazoka web-orrian.

Zazpi postu azokan

Bertako Haragiaren Azokak, entzutetik bezala, dastatzetik ere izango du. Larunbatean, estreinakoz, Euskal Herriko haragien eta ekoizleen azoka egingo dute Trianguloan. Zazpi postu izango dira: Aralar.eko (Moxal haragia, Amezketa); Zuzitza (Txahal haragia, Amezketa); Ueta Etxaldea (Txekor haragia, Lizartza); Joseba Altuna (Euskal Herriko baserriko oilaskoa, Amezketa); Perrapa baserria (Baserriko txekor haragia, Hernani); Berastegiko arkumea (herriko arkume ekoizle talde bat); eta Amalarre, Izarre-Txiki baserria (Galloway eta Aberdeen Angus arrazako behien haragia, Bidania-Goiatz). Guztiek ere, proiektuen inguruko informazioa izango dute, eta horietako batzuek, salmenta zuzena ere egingo dute.

Azokako postuetako haragi pintxoez gain, bestelako haragiak dastatzeko aukera izango da Trianguloan. Txomin Parrillak bertako haragi pieza ezberdinak txingarretan erreko ditu, eta horien pintxoak eskainiko ditu. Hamar arkume –lau burruntzira eta beste sei zikiro erara–, 60 kilo saiheski, hiru basa-txerri urdaiazpiko eta 30 Lumagorri oilasko erreko ditu, hain zuzen, teknika desberdinak erabiliz. Pintxoen tiketak egunean bertan erosi beharko dira Trianguloan bertan jarriko den etxolan.

Igandean, azokako azken egunean, Euskadiko Autore-hanburgesa Lehiaketaren II. edizioa ospatuko da. Hanburgesa berritzaile onena eta hanburgesa tradizionalik onena ekoizten duten harategiek eramango dituzte txapelak etxera.

Festa giroa Zumarditxikian

Azken edizioetan bezala, festarako tartea ere izango da. Zumarditxikian foodtruck gunea egongo da, haragia oinarri duten proposamen gastronomikoez eta zuzeneko musikaz gozatzeko. Gune hau ostiralean (18:00-00:00), larunbatean (12:00-00:00) eta igandean (12:00-18:00) egongo da zabalik. Tolosaldeko eta Euskal Herriko ekoizleen produktuekin osatutako platerak eskainiko dituzten zortzi postu izango dira: Ama, Hacarygua, Goya, Baldorba Ardoteka, Rafa Gorrotxategi, Iparra Beer, Mawa eta Ondalan. Mokaduak edo edariak hartzeko tiketak leku berean erosi ahal izango dira egunean bertan.

Musika eskaintzari dagokionez, askotariko estiloetako taldeen zuzeneko kontzertuak antolatu dituzte. STR, Esanezin, Bele, Petti, Andoni Ollokiegi, Ane Martija, DJ Katanga, eta Lilo taldeak igoko dira oholtzara. Ikuskizunen ordutegiak webgunean gainbegiratu daitezke.

Egitaraua
  • Maiatzak 2, osteguna
    • 18:30. Elkartu eta elkarbanatzen topaketa, kultur etxean. Izena emateko esteka.
      • Kalaska kooperatibaren aurkezpen-hitzaldia, Nerea Viana Sakanako Garapen Agentziako Elikadura Teknikariaren eskutik.
      • Haragiaren lurraldea: aukera eta erronkak mahai ingurua: Josebe Blanco (Hausnarrean liburuaren idazlea eta artzaina), Izaro Zubiria (Lizartzako Ueta baserriko abeltzaina), Helena Muñagorri (Muñagorri harategiko harakina), Nerea Viana (Sakanako Garapen Agentziako Elikadura Teknikaria).
  • Maiatzak 3, ostirala
    • 18:00-20:00. Haragi ezberdinen despiezatzea eta kozinatzea ikastaro praktikoa, Zerkausian. Izena emateko esteka.
      • Despiezea: Alejandro Goya Harategiko Miguel Cruz-en esku.
      • Showcooking: AMA (arkumea), Casa Julianeko Xabi Gorrotxategi (behia), Iriarte jatetxeko Felix Belaunzaran (txerrikumea), Joxe Mari Barriola (oilaskoa).
    • 18:00-00:00. Foodtruck-ak bertako eskaintza gastronomikoarekin, eta musika zuzenean, Zumarditxikian.
      • 20:00. Esanezin.
      • 21:45. Andoni Ollokiegi.
  • Maiatzak 4, larunbata
    • 09:00-14:00. Bertako Haragien Azoka, Trianguloan. Informazio postuak, salmenta, erreketa eta dastaketa. Udaberri dantza taldea ariko da azoka girotzen.
    • 12:00-00:00. Foodtruck-ak bertako eskaintza gastronomikoarekin, eta musika zuzenean, Zumarditxikian.
      • 13:00. Ane Martija.
      • 14:00. DJ Katanga.
      • 19:00. Bele.
      • 14:00. DJ Katanga.
      • 22:00. STR.
      • 23:00. DJ Katanga.
  • Maiatzak 5, igandea
    • 11:30. Euskal Herriko II. Hanburgesa Lehiaketa, Zerkausian.
    • 12:00-18:00. Foodtruck-ak bertako eskaintza gastronomikoarekin, eta musika zuzenean, Zumarditxikian.
      • 12:00. Petti akustikoa.
      • 13:00. Lilo akustikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!