Reala eta euria nagusi, VIII. Nescup Txapelketan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 1a, 20:37

Finalean, 2-0 hartu dute mendean Eibar txuri-urdinek, Tolosa CF A taldea hirugarren izan da, eta Tolosa CF B, Kopako txapeldun.

Gaur jokatu dute Tolosako Berazubi futbol zelaian VIII. Nescup Txapelketa. Infantil nesken mailako hamabi taldek parte hartu dute, eta egun osoan zehar, futbol giroa izan da nagusi Berazubin. Euria ere bai. Guztira, 150 haur inguruk jokatu eta gozatu dute futbolean.

Lehen fasean, hiru multzotan banatuta egon dira hamabi taldeak, eta goizean zehar jokatu dituzte fase horretako partidak. Norgehiagoka horietako asko berdinketarekin amaitu dira, eta ondorioz, penaltietan erabaki dira garaileak. Hori dela eta, hurrengo faserako txartela lortzea ez da erraza izan askorentzat, eta aldaketak izan dira sailkapenetan txapelketak aurrera egin ahala. Azkenean, multzo bakoitzeko bi talde onenak txapeldunen fasera sailkatu dira. Beste sei taldeek, kopa fasea jokatu dute.

Txapeldunen fasean Reala eta Eibar izan dira onenak, multzoen fasean erakutsitako nagusitasunari jarraipena emanez. Ondorioz, bien artean jokatu dute finala. Azken partida horretan, tentsioa eta urduritasuna gailendu dira. Hala ere, Realak bere aukerak aprobetxatu ditu. Lehen zatiaren amaieran eta bigarrenaren hasieran gol bana eginda, txuri-urdinek mendean hartu dituzte armaginak.

Hirugarren eta laugarren posturako partida estuagoa izan da. Kasu honetan, etxeko taldeak, Tolosa CF A-k, eta Intxaurdik jokatu dute elkarren aurka, eta urdinak izan dira nagusi, 1-0.

Tolosarrek, baina, ez dute kopa bakarra irabazi. Izan ere, kopa faseko finalean Añorgaren aurka jokatu du Tolosa CF B taldeak, eta hor ere nagusi izan dira urdinak. 1-0 irabazi dute azken partidan.

Parte hartzaileek ahalik eta partida gehien jokatzea zen txapelketako antolatzaileen asmoa, eta hala izan da. Talde bakoitzak, gutxienez, bost partida jokatu ditu, eta horri esker, talde guztietako zaleek amaierara arte jarraitu dute txapelketa. Eguraldiak lagundu ez badu ere, harmailek itxura bikaina izan dute gaur, Berazubin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!