Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak antolatutako Herriarteko Pilota Txapelketaren aurtengo edizioaren aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean Donostian. Eskualdeko bost herri ariko dira lehian, eta guztiak eskuzko modalitatean ariko dira: Aduna, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa eta Tolosa. Gomazko paletan ordezkari bakarra izango da, Tolosa, eta zesta puntan eta larruzko paleta eta paleta motza modalitateetan ez du Tolosaldeko herririk parte hartuko.
Eskuzko modalitateari maiatzaren 5eko asteburuan emango zaio hasiera, final-hamaseirenekin. Bertan, Adunak Azkoitiaren aurka jokatuko du, Tolosak Beasainen aurka, Amasa-Villabonak Bergararen aurka eta Amezketak Oñatiren kontra. Altzoren kasuan, final-zortzirenetan hasiko du bere bidea, maiatzaren 19ko asteburuan, eta bere aurkaria Zaldibia eta Idiazabalen arteko norgehiagokaren irabazlea izango da.
Gomazko paletari dagokionez, Tolosa final-hamaseirenetan hasiko da, eta Zumaia izango du aurkari. Maiatzaren 5eko asteburuan ekingo diote norgehiagokari.