Larraitzen eta Komizarren larre irekiera ekitaldiak egingo dituzte bihar

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 30a, 15:00

Aralarko eta Amasamendiko larreen irekiera festa giroan ospatuko dute.

Enirio Aralar Mankomunitateak Aralarko larreen irekiera festa egingo du bihar Larraitzen. 10:00etatik aurrera behor, behi eta aharien erakusketa, eskulangintza saioak eta bertako jakien salmenta izango da. Goiza girotzeko festa gunean Txingudiko gaiteroak ibiliko dira.

Eguerdian egingo da larre irekiera ekitaldia. Suziria botatzearekin batera artalde eta behiak Larraizko langatik gora abiatuko dira. Behin ekitaldia amaituta, Iker Vicente eta Julen Alberdi arituko dira aizkoran. Joan den larunbateko apustuaren ondorengo lehenengo erakustaldia izango dute biharkoa. Goiza borobiltzeko bertsotan ariko dira Maialen Akizu eta Bixente Gorostidi.

Ganadua Amasamendira

Ez da larre irekiera ekitaldi bakarra izango. Amasa-Villabonako ganaduzaleek eta udalak elkarlanean Amasamendiko larre irekiera festa antolatu du biharko. 11:00etan emango zaio hasiera festari, eta ondoren, musikarekin girotutako hamaiketakoa egiteko aukera izango da Komizar parkean.

Aurten, guztira, 971 abelburu larreratuko dira; 748 ardi, 134 behi, 58 zaldi eta 31 ahuntz. Amasamendiko abeltzainen ganaduak onura publikoko larreetan pasako du uda garaia eta lauzpabost hilabetez behin larre batetik bestera mugituko da.

Aurten, udalaren webgunean argitaratuko den maparen bitartez ganadua zein eremutan dagoen ikusi ahal izango da une oro. Villabona.eus webgunean sartu eta Abereen kokapena larre publikoetan izeneko estekan klikatuz gero, herriko mapa zabalduko da. Bertan kolore berdez dauden eremuak herriko larre publikoak dira, eta gorri kolorez markatuko dira mapan, momentu horretan abereak dauden esparrua. 

  • LARRAITZEN
    • 10:00. Abere erakusketa: behor, behi eta ahariak. Eskulangintza saioak: artile, saski, harri lantze... Bertako jakien salmenta: gazta, sagardoa, orein produktuak...
    • 11:00. Txingudiko gaiteroak festa gunean.
    • 12:00. Larre irekiera ekitaldia: suziria botatzearekin batera, artalde eta behiak Larraizko langatik gora abiatuko dira.
    • 12:30. Aizkolariak Iker Vicente eta Julen Alberdiren erakustaldia. Maialen Akizu eta Bixente Gorostidi.
  • KOMIZARREN
    • 11:00. Komizarren festa hasiera.
    • Ondoren. Musikarekin girotutako hamaiketakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!