Mobilizatzeko deia luzatu diete langileei

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 30a, 18:00

Maiatzaren Lehenean ez da Tolosaldean mobilizaziorik egingo, LABek Iruñera joateko deia luzatu du, eta ELAk, berriz, Iruña eta Bilbon egingo ditu manifestazioak; EHKS Bilbon mobilizatuko da.

Tolosaldean ordezkaritza duten sindikatu nagusiek eskualdetik kanpo egingo dituzte Maiatzaren Leheneko ekitaldiak. LABek Iruñean egingo du bihar mobilizazio nagusia, 11:30etik aurrera, eta eguna sindikatuaren 50. urteurreneko ospakizunekin borobilduko du. ELAk, aldiz, Antolatu, borrokatu, irabazi lelopean bi manifestazio egingo ditu: Iruñeko Gurutze plazatik abiatuta bat, eta Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuta bestea, biak 11:30ean.

LABek dio geroz eta «bortitzagoa» dela egungo kapitalismoa eta sistema «heteropatriarkal eta kolonialak» langileen artean adin, genero nahiz jatorriaren araberako desberdintasunak sortzen dituela. Zerbitzu publikoak ahultzen ari direla uste du sindikatu abertzaleak eta osasungintzaren egoera «kaskarra» jarri du horren adibidetzat.

Langile borroka zabaltzen leloarekin ospatuko du Maiatzaren Lehena LABek eta bere sorrerako konpromisoan berresteko baliatuko du gaurko eguna. «Langileen antolakuntza eta borrokaz, Euskal Herriaren nazio askapenerako eta eraldaketa sozialerako bidea zabaltzen jarraituko dugu». Herri langilearen alde borrokatuko direla esan dute sindikatuko ordezkariek, eta aipatu dutenez, kapitalaren interesei aurre egiteko eremu guztietan lehiatuko dira; lantokietan, kalean eta baita instituzioetan ere. LABek aldaketa politikoak bultzatzeko eragile «aktibo» bezala ikusten du bere burua: «Burujabetzaren aldeko borroka eta bizi baldintzen aldekoa banaezinak dira».

Sindikatuak esan du «une gozoan» datorrela Maiatzaren Lehena LABentzat, 50. urteurreneko ospakizunekin batera. Orain arteko bidetik, langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera ekartzen jarraituko duela esan du sindikatuak. Iruñera joateko autobusa antolatu du: Tolosako kiroldegiko aparkalekutik aterako da, bihar 09:00etan, eta 19:00etan egingo du itzulera Iruñetik. Izena eman nahi dutenek, whatsapp mezua bidali beharko dute honako telefono zenbakira: 682 25 26 50.

ELAk, errealitatearen irakurketa bertsua egiten du eta nabarmendu du geroz eta panorama konplexuagoa ikusten duela inguruan. «Aberastasuna geroz eta esku gutxiagotan pilatzen da, herrialde pobreei baliabide naturalak ebasten zaizkie, planeta zeharo kontaminatuta dago, lanaren banaketa sexuala ezartzen digute eta pobrezia orokortuta dago». Belizismoaren gorakadagatik ere kezka azaldu du ELAk, eta Israelgo armadari su etena eskatzearekin batera, Palestinako herriari estatu bat izateko zor zaion eskubidea aldarrikatu du.

Zerbitzu publikoen gainbeherak, osasungintza publikoan inbertsio ezak, etxebizitza lortzeko zailtasunak eta zaintza sistemaren pribatizatzeak, zuzeneko lotura du enpresa handi eta bankuen hazkundearekin, ELAren ustez. «Politikarien konplizitatearekin ematen ari da hau guztia, argi ikusten da Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ez dituztela politika sozialak garatzen».

ELAk Maiatzaren Leheneko mobilizazioekin aldarrikatu nahi du botere ekonomikoaren aurkako konfrontazio politiko, sozial eta sindikala beharrezkoa dela. «Langileak antolatzeko eta konfrontatzeko prest daudenean hobetzen dira lan baldintzak eta modu horretan zabaltzen dira aukerak prekarietatetik ateratzeko. Harro esan nahi dugu greba egin ahal izateak lan hitzarmen gehiago eta hobeak sinatzeko aukera ematen digula». Sindikatuak aitortza egingo die bihar Bilbon eta Iruñean borroka sozialetako militantzian ekarpena egiten duten langileei, «borroka hauei esker alternatibak bizirik daude, eta hain justu, borroka horietan dago alternatiba sozial, feminista eta ekologista eraikitzeko itxaropena».     

Kontseilu Sozialistaren deia

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Badago alternatiba lelopean Maiatzaren Lehenean manifestazioa egingo du Bilbon, 13:00etan Jesusen Bihotzetik hasita eta Tolosaldetik bertara joateko deia egin dute. «Langileria osoaren eguna da gaurkoa, gizarteko baliabideen jabetzarik ez dugun guztiona. Borrokarako egun gisa ulertzen dugu, azken urteetan eman zaion izaera folklorikotik aldenduz». Bilbora joateko autobusak antolatu dituzte, 11:00etan jarri dituzte hitzorduak Tolosan (zezen plazatik), Ibarran (kultur etxetik) eta Billabonan (kiroldegitik).

Kapitalismoaren gaindipena posible dela aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak eta esan du «hil ala biziko» kontua dela alternatiba iraultzaile bat gorpuztea. «Alternatiba hori, langileria independenteki antolatzetik eta etengabeko parte hartze militantean oinarritutako eredutik etorriko da».

Kontseilu Sozialistaren ustez langileriaren bizi baldintzak okertzen ari dira «Neurri horiek guztiak Europako instituzio politikoek eta oligarkia ekonomikoek diseinatzen dituzte eta bertako alderdiek, eskuin zein ezker, horiek onartzea beste alternatibarik ez dagoela sinestarazten digute. Alderdi guztiek funtsean programa oso antzekoa daukate eta haien artean antzezten dituzten ezberdintasunak hitz hutsean gelditzen dira erabakiak hartzeko momentua heltzerakoan».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!