Euripean, baina festa giroan

Tolosaldeko Ataria 2024ko mai. 1a, 15:24

Urtero bezala, maiatzaren 1ean, Abaltzisketako Larraitz auzoan eta Amasa-Villabonako Komizar parkean larre irekiera ekitaldiak egin dituzte baserritarrek eta kaletarrek.

Eguraldia eta abereak izan dira protagonista Larraitzen. Maiatzaren 1arekin batera, langa ireki eta abereak mendian gora abiatu dira, Txindokiren magalean. Aralarko Larreen Irekiera Festak, ordea, izan ditu osagai gehiago. Goizean abere erakusketa, eskulangintza saioak, bertako jakien saioak eta Txingudiko gaiteroak zeuden iragarrita. Eguraldia ez dute lagun izan, eta hainbat postu hutsik geratu dira. Bertaratu diren baserritar eta kaletarrek aterkia izan dute eskuan, ia denbora osoan. 


Enirio Aralar Mankomunitateko kideek eguerdian ireki dute langa, eta ondoren aizkolarien txanda izan da. Iker Vicentek eta Mikel Larrañagak neurtu dituzte indarrak euripean. Meritu handiko ikuskizuna eskaini dute. Hamar enbor ebakitzen lehena nafarra izan da, baina azpeitiarrak lanak zail jarri dizkio, sasoi onean dagoela erakutsiz. Trikitilarien ondoren, Bixente Gorostidi eta Maialen Akizu bertsotan aritu dira. 


Komizarren ere abereak
Larraitzen bezala, Amasa-Villabonan suziriarekin iragarri dute larreen irekiera. Kasu honetan, ordea, abereak menditik behera jaitsi dira Komizar parkera. Bertan udal ordezkariak eta herritarrak zeuden zain. Ondoren, guztiak Amasako pilotalekura joan dira hamaiketakoa egitera, eguraldiak ez baitie lekuan bertan egiten utzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!